2009/03/03

Grabaketa

Podomatic orrialdean blog honi buruzko grabaketa bat egin dut zuek entzun daizuen. Arazoak izan ditut grabaketa hau zuzenean blog-ean sartzeko, beraz, linken bidez grabaketa dagoen orrialdera sartu ahal izango zarete nire komentariotxoa entzuteko. Besterik gabe, eskerrik asko.

2009/01/20

Airegaizto


Izaki gaizto honek ekaitzak zuzentzen ditu, eta bere eragin txarretatik babesteko, etxe atarian eguzki-lorea edo ereinotz-adarrez egindako gurutzea jartzen ditugu. Hurritzaren adarrak jartzea edo aizkora bat gora begira jartzea ere ohikoa da.
Lainogaixto eta Aidegaxto izenak ere hartzen ditu.

2009/01/19

Galtzagorri


Mamurrek eta Prakagorriek gizakiei beren lan harrigarrietan laguntzen dieten ahaide txiki-txikiak dira. Praka gorriak dituzte soinean, eta orraztokian ezkutatzen dira. Euren jabeari biraka-biraka hasten zaizkio oihu batean galdezka. Eta orain zer? Eta orain zer? Eta une batean betetzen dituzte nagusiaren aginduak, nahiz eta ikaragarrienak izan.

2009/01/18

Alarabi

Alarabi, Alarabie Markina aldeko euskaran, Euskal mitologiako jeinu edo irelua da. Berari buruzko istorioak Markina aldean gorde dira gehienbat. Giza-itxura du, baina begi-bakarrekoa da, erraldoia eta oinzola biribila du. Bere istorioen zenbait aldaeretan hankabakarra da gainera.
Litekena
Tartalo edo Torto eta Alarabi pertsonai berberaren aldaerak izatea, baina markinakoak zenbait ezaugarri bereizgarriak ditu.
Gertaera izugarriak leporatu izan zaizkio, basa piztiez zein gizakiez elikatzen dela uste baita, haurrak bereziki, eta horregatik eskualdean nolabaiteko "kokoaren" papera egin du.
Lehenengo artzaintzat hartua izan da.Markinako jaietan urtero ateratzen omen dute Alarabiren irudi bat, jaietako azken egunean erretzeko. Beste batzuetan mozorrotutako pertsona batek egiten du jeinuaren papera, azken urtetan bezala.

2009/01/17

Herensugea

Herensugea edo Dragoia mundu osoko mitologian agertzen den animalia-izakia da, baita Euskal Herriko mitologian ere. Zazpi buru zituen sugea da. Leize batean bizi zen animaliak eta gizakiak janez. Aspaldian lortu zuten Herensuge akabatzea, eta harrezkero lasai bizi gara.Antzinako kulturen ikusmolde telurikoaren osagai garrantzitsu bat da eta herrien erlijiozko sinesmenetan eragin handia dauka.

2009/01/16

Ireltxuak

Bizkaiko izaki hauek ahotik sua botatzen duten txorien edo pertsonen itxura izaten dute batzuetan; besteetan zaldi edo katu dira; baina gehienetan txerri itxura hartzen dute. Txerri hauek ibiltariei jarraitzen diete gauez, eta ibiltariak neka-neka eginda hasitako lekura iristen direnean desagertzen dira. Bermeon aspaldian akabatu zuten azken ireltxua.

2009/01/14

Tartalo


Tartalo euskal mitologiako izaki begibakarra da.

Elezaharren arabera, haitzuloetan bizi da eta gazteak harrapatu eta jan egiten ditu.
Markinako Alarabirekin ezaugarri komunak ditu, nahiz eta irelu markinarrak zenbait ezaugarri berezko dauka.

Elezahar batek dioena kontatuko dizuet ondoren.
Antimuño baserriko bi anaia ehizan ari zirela ekaitzak harrapatu eta Tartaloren haitzuloan hartu zuten aterpe. Handik gutxira Tartalo begibakarra azaldu zen bere artaldearekin, bi anaiak ikusi eta esan zuen:
"Bat gaurko eta bestea biharko"
Bertan, anaia zaharrena erre eta jan egin zuen. Tartalo loak hartu zuenean berriz, anaia gazteak
eraztuna kendu eta sutan zuen burruntzi goria begi bakarrean sartu zion. Tartalo itsu zen, baina bizirik. Ardi artean arakatzen hasi zen gaztearen bila, baina anaia gazteak ardi larrua bizkar gainetik jantzi eta Tartaloren eskuartean pasa zen. Zoritxarrez, ordea, behin kanpoan eraztun salataria ozenki hasi zen oihuka:
"Hemen nago, hemen nago".
Tartalo atzetik atera zitzaion haitzulotik, eraztunaren oihuak gidari zituela. Gazteak ezin zuen eraztuna esku hatzetik kendu, eta amildegi baten ertzera iristean, eraztuna zuen hatza moztu egin zuen. Tartalo gertu zela, behatza eta eraztuna amildegitik behera bota zituen. Tartalo haren oihuaren atzetik amildu zen betiko.

Mikelats

Mariren eta Majuren umea da. Gaiztoen ahaide da Mikelats. Etsairen ikasle izan da, Atarrabi bezala. Ekaitzak eta harriak botatzen ditu artaldeak eta uztak hondatzeko.

“Mikelats naiz. Gaizkia naiz.
Bekaitza eta Gogorkeria naiz.
Sumindura eta Mendekua naiz.
Apokalipsiaren lau zaldunak batera naiz:
Gerra, Gosea, Herio eta Izurritea.
Zuen begi ustelduetako Gorrotoaren lore beltza naiz.
Munduko Iluntasunaren Jaun eta Jabea, Mikelats naiz.”

2009/01/13

Euskal Mitologiaren aurkezpena bideoan

Bideo hau nik egin dut, bertan euskal mitologiako hainbat pertsonai agertzen dira eta ezagunak izatea espero dut. Bideoa youtuben jarri dut eta bertatik hartuz nire blog-ean itsatsi dut.

2009/01/12

Basajaun


Basajaun basoan bizi den euskal mitologiako izakia da, Olentzerorekin batera bizirik geratu zen azken jentila. Sinesmen batzuetan, Basandere du emaztetzat.
Oso indartsua zen, garaia, bizarduna eta ile luzeduna; ilea belaunetaraino iristen zitzaion ia gorputz osoa tapatzen.
Gizakiak baino lehenagotik ezagutzen zuen nekazaritza, eta gizakiari gauza asko irakatsi zizkion, hala nola, zerra gaztainondoaren hostoa bezalakoa zela; boluaren ardatza haltzaren egurraz egin behar zela; burdina soldatzeko lohia erabili litztekeela... Basotik oihu eginda adierazten zion artzainari ekaitza zekarrela. Abereak otsoetatik babesten zituen, eta aurre egiten zien otsoei. Basajauna gertu zegoenean ardiek txintxarrak mugituz esaten zioten artzainari lasai egoteko. Basanderea ere bada.

2009/01/10



http://blogak.dobera.com/jonasier/2008/04/01/hello-world/

Blog honek euskal mitologia zer den azaltzen du, baita zein izaki mitologiko dagoen eta haren kontakizunen bat ere. Oso interesgarria dela iruditu zait eta blog honi esker gauza ugari ikasi daitekeela uste dut.

2009/01/09

Euskal Mitologiaren aurkezpena power point-ean

Euskal Mitologia
View SlideShare presentation or Upload your own. (tags: euskal mitologia)

Power point hau nik egindakoa da, Slidesharen sartu dut eta gero bertatik hartu eta nire blog-ean itsatsi dut.

Odeon aurkitutako abesti bat





Hemen uzten dizuet Odeon aurkitutako abesti bat. Ez da oso polita baina barregarria dela iruditu zait.

2009/01/08


http://naiabilbao.blogspot.com/2008/12/euskal-mitologia-mari.html

Sarean nenbilela blog hau aurkitu dut eta euskal mitologiari buruzkoa da, bertan Mari-ri buruz informazio zehatza ematen du: bere izaera, nolakoa zen, fisikoki ere nolakoa zen...eta beste hainbat gauza aurki ditzakegu honi buruz. Interesgarria dela iruditu zait eta horregaitik nire blog-ean aipatu dut.

2009/01/06

Hiru Erregeak



Badakit Hiru Erregeak ez direla Euskal Herriko pertsonai mitologikoak baina gabonetan gaudenez eta guk ere jai hau ospatzen dugunez euren omenez, ideia ona iruditu zait haiei buruz zertxo bait jakitea.
Elezaharrak dioenez erregeak Orientetik etorri ziren, hiru ziren, izar batengatik zuzenduta eta izar horrek Belenerarte eroan zieten. Bertan Jesus jaioberria aurkitu eta gurtu egin zuten, urrea (Meltxor, bizar zuridun erregea), intsentsua (Gaspar, bizar ilundun erregea), eta mirra (Baltasar, arraza beltzeko erregea) eskainiz. Heldu baino lehenago Jerusalengo herrian Herodes erregearekin topo egin zuten eta honek esan zien bueltan etortzerakoan berarekin hitz egiteko, umea zein lekutan zegoen zehatz-mehatz esateko, horrela berak ere gurtu zezan. (Berez, berak nahi zuena bere heriotza zen eta horregatik errugabeen heriotza agindu zuen).

Historiak dio hiru erregeei aingeru bat agertu zitzaiela eta honek Jesus arriskuan zegoela esan ziela Herodesen desioaren esana bete ezkero. Horrela ez ziren leku berdinetik bueltatu.

Gutxinaka-gutxinaka tradizioak beste xehetasun batzuk gehitu ditu: antzinako hiru arrazen errepresentatzaile egin zaie, gizakiaren hiru adinen errepresentatzaile eta hiru kontinenteen errepresentatzaile (Asia, Afrika eta Europa).

Denboraren poderioz, herri tradizio katolikoetan,
Epifaniaren egun berean ohitura hori ospatzea erabaki zen baita hiru erregeen jai eguna ere (urtarrilaren 6a). Azkenean epifaniaren benetako esanahia galduz joan zen eta sinonimotzat hartu zuen erregeen gurtzea.

6a jai eguna da hainbat herrialdeetan, besteak beste, Alemania, Austria, Italia, Suecia, Finlandia, Croacia, Liechtenstein, Eslovaquia eta Suitzan.

Herrialde batzuetan ohitura hau dago: umeek erregeen opariak jasotzea, bai bezperan, hau da, urtarrilak 5eko gauan edo urtarrilak 6ko goizean. Normala da umeek eskutitzak idaztea erregeei, nahi dituzten jolasak eskatuz eta euren portaera ona adieraziz urtean zehar. Tradizioak dioenez, txarto portatzen diren umeek ikatz goxoa jasotzen dute jolasak izan beharrean.

2009/01/03

Podcast

Gai honi buruzko Podcast bat egin egin dut eta orrialde honetan sartzen bazarete ikusi ahal izango duzue. http://nerea.podomatic.com/

2008/12/22

Lamiak



Euskal mitologian, emakume-itxura duen izakia; aldaera desberdinen arabera oinak ahuntz, ahate edo oilarrarenak izan dezakeena. Kostaldeko herri batzuetan arrain isatsez azaldu izan dute, beste herrialdetan undin edo sirena deitutako mitoaren antzera. Kondaira gehienen arabera, berriz, erreka inguruan arropa garbitzen eta orrazten egoten zen. Nekazariren batek erreka-ertzean janaria uzten bazien, gauez jaten zuten lamiek, eta horren truke, lurra goldatu edo bukatu gabe utzitako lana amaitzen zioten.

Mitologian zein artelanetan, lamiak ibai-ertzean eserita eta urrezko orrazi batez ile gorrixka orrazten ageri dira beti. Gazte anitz maitemintzen eta liluratzen zituzten, baina gazteak, lamien oinetan erreparaturik, haiek konturatzen ziren penaz edo etxekoen esanagatik ohartzen ziren haiekin ezin zitezkeela ezkondu. Toponimian asko dira lamiekin lotura duten izenak: Lamikiz Markinan, Laminaputzu Zeanurin, Lamitegi Bedaion, Lamirain aranon, Lamusin Saran, Lamiñosin Ataunen etab.

Mitologia grekoan, alegiazko munstroa, emakumearen gorputza eta sugearen buztana zuena. Gaztetan ederra zen, baina Hera jainkosak, Zeusekin harremanak izateagatik, zigortu egin zuen eta seme-alabak hil eta munstro bilakatu zuen. Bekaizkeriaren ondorioz besteen haurrak jaten hasi zen.

Lamia arrak ere badira eta sekulako indarra dute. Gauez trikuharriak egiten dituzte batzuetan, eta etxeetan sartzen dira askotan etxekoak oheratutakoan. Izen desberdinak dauzkate: Maideak, Mairiak, Intxixuak (Oiartzunen), Saindi Maidi (Nafarroa Beherea).

Euskal Herrian lamiei buruz hamaika alegi daude, adibidez: Lamia eta harri-pikatzailea; Lamiak eta Ligiko zubia.

2008/12/16

Mari


Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia da. Anbotoko Mari, Anbotoko Dama eta
Murumendiko Dama izenak ere hartzen ditu.
Mari, Ama Lurraren irudikapena, izadiaren eta bertako elementu guztien erregina da. Bi ume izan
zituen Majur senarrarekin: Mikelats eta Atarrabi; Majurekin elkartzen denean sekulako ekaitzak sortzen ditu. Mariren etxea leizea da. Etxe asko ditu Marik, eta denak gure mendietan: Anboton, Oizen, Mugarran, Aketegin, Aizkorrin, Txindokin, Murumendin, Gorbeian eta abar. Mari lur barrutik kobazuloetan zehar mugitzen denean, ahuntz edo oilo hankak izaten ditu; eta leizeetatik ateratzen denean, emakume eder moduan azaltzen zaigu. Dama elegantea eta ederra da Mari, lurpekoen andere, trumoi eta tximisten gidari, aberatsa eta ibiltaria: zazpi urtetik zazpi urtera mugitzen da leize batetik bestera argi biziz inguraturik, suzko bola baten moduan; lau zaldik eramandako gurdi baten gainean, edo ilargi betearen aurrean ere ikusi izan dute. Urrezko orrazi batez orraztu eta orraztu dihardu egun guztian. Badaki gaiztoak zigortzen eta zintzoak saritzen. Gezurra, lapurreta, harrokeria gaitzesten ditu; eta hitza bete, elkar onartu eta elkarri laguntzea eskatzen du. Gaiztoei uztak hondatzen dizkie, eta zintzoei lurreko emaitzak ugaritzen, iturriko ur onak ematen. Mariturri dute izena halako iturri batzuek. Anbotoko damaren leizera joaten ziren urtero inguruko artzainak, arkumetxo edo antxume bana eskuetan haren laguntzaren eske; urtero opari bat eroateko ohitura zen. Kobazuloetara txanponak eta harriak botatzen ziren Mariren omenez. Gehien gustatzen zaion oparietako bat aharia da. Bere ohe buruan bat daukala esaten dute eta haren adarrak harilkai erabiltzen dituela. Mariri beti hika egin behar zaio. Ezin da bere aurrean eseri, eta bere kobazulotik sartutako eran atera behar da.

2008/12/15

Sorginak

Gaur sorginei buruzko informazioa emango dizuet horrela hurrengo albistean oso ezaguna den, Mariren kondaira kontatu ahal izateko. Ordurarte imagina ezazue nolakoa ote zen.

Euskal Herrian betidanik sinestatu izan da sorgintasunean. Gaur egun, batez ere, akelarreekin lotzen badira ere, antzina sorginek gauza onak eta txarrak egin zitzaketen. Apoa, sugea, erratza, akerra... elementu sakratuak ziren eta emakumeen indarra erakusten zuten. Herritar asko joaten zitzaien laguntza eske: ukendu, sendabelar eta aholku eske alegia.

Sorginak Mariren leizetan haren neskame dauden ahaideak dira. Pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputz atal bat falta zaie gehienetan, eskua, hanka edo burua; katu itxura hartzen dute maiz.
Gauerdian hasi eta goizaldeko oilarraren kukurrukuraino bakarrik iristen da euren aginpidea. Zuberoan Belegile izena hartzen dute.

Katu itxuraz azaltzen dira askotan, eta sorginkeria kentzeko, katuaren itzalari egurra eman behar zaio.

2008/12/10

Eguzki eta Ilargi


Lurraren alabak dira eta egunero euren ibilbidea egin ostean lurrera joaten dira. Eguzkia edo Ekia Jaungoikoaren begia da, eta Ilargia aurpegia.
Baserri atarietan eguzki lorea jartzen dugu eguzkiaren omenez.
Ondoren eguzki eta ilargiri buruzko ipuintxo bat jarriko dizuet zuek entzun daizuen, gustokoa izatea espero dut.
Testua Koldo Izagirrerena eta ahotsa Ramon Agirrera dira.

2008/12/05

Olentzero






Olentzero Abenduak 25


Olentzero edo Olentzaro Euskal Herriko izakia da, Gabon-gaua, Jesusen etorrera eta neguko solstizioa irudikatzen dituena. Bizirik geratzen den azken jentila da, basajaun eta basandererekin batera. Kristautasunaren aurreko pertsonaia da. "Onentzaro", "Onontzaro" edo "Orentzaro" izena ere hartzen du. Izenaren eta jatorriaren berri ematen duen teoria ugari dago; "gauza onen garaia" edo "eskean ibiltzeko garaia" (oles edo agur egitea euskal kopla zaharretan agertzen da eta eskean ibiltzea da; hortik oles-aroa) esan nahi omen du.Kondairaren arabera, Olentzero euskal mendietan bizi zen jentil bat zen. Egun batean izar handi bat ikusi zuten bere leinukideek, eta zer zen galdetzen hasi ziren. Beldurtuta, tribuko zaharrenari (jada ikusmena galduta zeukan agure zahar agurgarriari) galdetu zioten zer izan zitekeen. Honek esan zuenez, jentilen aroaren amaiera iragartzen zuen izarra zen, Kixmi (Jesus salbatzailea) jaio zela esaten zuena, alegia. Hori dela eta jentil guztiak amildegitik behera botatzeko agindu zuen, beragandik hasita. Guztiek bete zuten esana, Olentzerok izan ezik. Honek Belenera jo zuen, Jesus gurtzera. Eta ondoren Euskal Herrira itzulirik, Jesusen Berri Ona zabaltzen hasi zen. Otsagabian Abenduaren 27an egiten da. Kixmiren (Kristo) jaiotzaren berri ematera menditik jaitsitako artzain edo ikazkinaren itxuraz irudikatu ohi da gaur egun. Olentzeroren itxura eta jarduteko modua ere desberdina da tokiaren arabera. Beste herrialdeetan Bizarzuri eta Hiru Erregeen egitekoa ematen zaio Olentzerori, umeei gabonetako opariak banatzea, alagia. Baita ere lastoz betetako baserritar panpinez jantzita etxez etxe diru-eskea egiteko.

2008/12/04

Euskal Herria

Euskal Herriak historio asko ditu eta mitoak dira horietariko atal nagusi bat

Euskal Herriko ume eta nagusi gehienek mitologiako pertsonai hauek ezagutzen dituzte:

Olentzero

Tartalo

Mari

Basajauna


Hauetatik Olentzero da gustokoena eta honen abestia ere jende ugarik daki

Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duenian
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berria ematera.
Horra! Horra! Horra!
Gure Olentzero!
Pipa hortzetan duela
eserita dago

kapoiak ere baditu
arraultzatxuakin
bihar meriendatzeko
botila ardoakin. (bis)

Olentzero buru haundia
entendimentuz jantzia
bart arratsean edan omen du
bost arrobako zahagia.
Hau urde tripa haundia
tralalala tralala

2008/11/13

Webquest

Euskal Mitologiari buruzko webquest-ak bilatzen ibili ondoren hau aurkitu dut eta gustuko izango duzuelakoan...

Mapa kontzeptuala



Teknologia berriei buruzko mapa kontzeptual bat jarri dizuet, gaur egun gai honek garrantzi handia duelako eta gure etorkizunean ezinbestekoa izango delako.

Gurekin zerikusia duen edozerk garrantzia izango du, gainera gizarte hezitzaileak izango garenez modernitatera lotuta egon behar gara, hain zuzen ere, teknologia berriei. Baina halan eta guztiz ere, nik uste dut jakintza minimo batzuk eukitzea ona dela, bai lanean aplikatzeko bai eguneroko bizitzarako.

Hauei esker gauza asko ikas ditzakegu baina dena ez da kokatzen teknologiaren inguruan, honek ere, era berean arazoak sortu ditzakeelako. Haien artean: komunikazio falta, eta hori gure lanean, gizarte hezitzaile bezala, beharrezko da. Balore asko galdu egiten dira eta horregaitik beti ezin izango da teknologia erabili.

2008/10/30

Erraldoiak

Gigantes
View SlideShare presentation or Upload your own.

Euskal mitologiari buruz ari garenez denbora guztian, erraldoiei buruzko power point bat jarri dizuet. Antzina erraldoiak bizi zirela esaten da, beraz, honen bitartez ikusi ahal izango dugu nolakoak ziren pertsonai edo animalia horiek.

Blog-ari hasiera emateko euskal mitologiari buruzko bideo bat jarri dizuet, izan ere, Olentzerori buruzkoa. Oso ezaguna denez gure herrian interesgarria iruditu zait zuei horri buruzko bideo bat jartzea.

2008/10/23

Froga


Hau froga bat da blog-a ondo dabilen ikusteko.