2008/12/16

Mari


Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia da. Anbotoko Mari, Anbotoko Dama eta
Murumendiko Dama izenak ere hartzen ditu.
Mari, Ama Lurraren irudikapena, izadiaren eta bertako elementu guztien erregina da. Bi ume izan
zituen Majur senarrarekin: Mikelats eta Atarrabi; Majurekin elkartzen denean sekulako ekaitzak sortzen ditu. Mariren etxea leizea da. Etxe asko ditu Marik, eta denak gure mendietan: Anboton, Oizen, Mugarran, Aketegin, Aizkorrin, Txindokin, Murumendin, Gorbeian eta abar. Mari lur barrutik kobazuloetan zehar mugitzen denean, ahuntz edo oilo hankak izaten ditu; eta leizeetatik ateratzen denean, emakume eder moduan azaltzen zaigu. Dama elegantea eta ederra da Mari, lurpekoen andere, trumoi eta tximisten gidari, aberatsa eta ibiltaria: zazpi urtetik zazpi urtera mugitzen da leize batetik bestera argi biziz inguraturik, suzko bola baten moduan; lau zaldik eramandako gurdi baten gainean, edo ilargi betearen aurrean ere ikusi izan dute. Urrezko orrazi batez orraztu eta orraztu dihardu egun guztian. Badaki gaiztoak zigortzen eta zintzoak saritzen. Gezurra, lapurreta, harrokeria gaitzesten ditu; eta hitza bete, elkar onartu eta elkarri laguntzea eskatzen du. Gaiztoei uztak hondatzen dizkie, eta zintzoei lurreko emaitzak ugaritzen, iturriko ur onak ematen. Mariturri dute izena halako iturri batzuek. Anbotoko damaren leizera joaten ziren urtero inguruko artzainak, arkumetxo edo antxume bana eskuetan haren laguntzaren eske; urtero opari bat eroateko ohitura zen. Kobazuloetara txanponak eta harriak botatzen ziren Mariren omenez. Gehien gustatzen zaion oparietako bat aharia da. Bere ohe buruan bat daukala esaten dute eta haren adarrak harilkai erabiltzen dituela. Mariri beti hika egin behar zaio. Ezin da bere aurrean eseri, eta bere kobazulotik sartutako eran atera behar da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario